| Tolosa |
Tolosa Euskal Herrian dago, Gipuzkoaren erdialdean. 18.000 biztanle ditu, eta lurralde lauean dago, Ernio eta Uzturre inguruko mendien eta Izaskun landa auzoko plataformaren artean. 37,930 Km2-ko azalera du. Horietatik 15 km2 Bedaio auzo aldenduak osatzen ditu, Nafarroako mugan. Tolosaren altitudea, itsasoaren ondoan, 77 metrokoa da. Herriko hirigunea ordoki handi batean dago, Araxes, Berastegi eta Oria ibaien elkargunean. Donostiatik hogei minutura dago N-1etik pasatuta; Hondarribiko aireportutik ordu erdira, eta Miarritzekotik berrogeira; Iruņetik berrogeita hamar minutura, A-15 Autobiatik, eta Bilbotik ordubetera. Gainera, tren geltoki handia izateaz gain..., Tolosa oso leku estrategikoan dago; hortaz, komunikaziorako oso gune garrantzitsua da. Bisitariak kontuan hartu beharreko beste balio bat.
Tolosaldea
Hogeita zortzi udalerri biltzen dira Tolosaren inguruan; eta, guztien artean, Tolosaldea osatzen dute. Euskal Herriaren erdi-erdian dago, oso paisaia ederrak dituen natur ingurunean.
Eskualde natural, berde eta menditsuak 45.000 biztanle ditu. Tolosak merkataritza, kultura eta gizarte hiriburuaren zerbitzuak eskaintzen dizkie eskualdeko udalerri guztiei –gehienak landatarrak dira, eta mila biztanle baino gutxiago dituzte-
Historia
Hiribildua 1256ko irailaren 13an sortu zen, Alfonso X erregeak sorrerako hiri-gutuna eman zionean. 1844 eta 1854 artean, Gipuzkoako hiriburutza izan zuen, eta horrek bere garrantzi estrategikoa handitu zuen.
XIX. mendean, hiribilduak sekulako hazkunde industriala izan zuen, Estatuko lehen paper-industria sortu baitzuen, batik bat..
Kultura
Euskal Herriko eskultore garaikide ezagunenek euren obraren ondarea utzi dute, Tolosaldeko hirigunean bertan. Izan ere, Tolosa Oteizaren, Chillidaren eta Ugarteren eskulturen bidez ere ezagutu daiteke, besteren artean. Horrez gain, Tolosan kultur jarduera handia dago; hala, antzerki emanadiak, pintura erakusketak, kontzertuak, mintzaldiak eta jardunaldiak ugari dira, eta mundu osoko hainbat talde biltzen dituen txotxongilo jaialdi handi bat ere izaten da.
Koru-tradizioa
Tolosan, urtero, azaroko lehen astean, Nazioarteko Abesbazta Lehiaketa antolatzen dute. Lehiaketa hori Europako onenetakotzat jotzen dute, bere sailean. Eskualdeko musika eta koru tradizio nabarmena ondoen adierazten duen gertakaria da. Haurren eta helduen abesbatza paregabeez gain, orfeoia eta Santa Mariako Parrokiari lotutako musika kapera ere nabarmentzekoak dira.
Industria
1842an, Estatuko lehen paper jarraituko makina martxan jarri zen, eta, urteak igarotzen ziren heinean, papergintzari loturiko enpresa sare handi bat sortu zen. Horri zor dioTolosak “paper-hiria” ezizena. Egun, industria anitzagoa du, nazioarteko lehiaren baldintza gogorragoei egokitzeko, eta Tolosa etorkizunari begira dago
Ostalaritza Eskaintza
Hiriak, orotara, berrogeita hamar taberna, jatetxe eta sagardotegi baino gehiago dauzka, baita hotel bat, bi ostatu eta aterpetxea ere. Horrez gain, hainbat landa-etxek inguruetako xarma naturalaz gozatzeko aukera ere ematen dute. Alde zaharrean daude taberna gehienak, Euskal Herriko “pintxo” tipikoak dastatzeko. Erdigunean, berriz, kafetegiak eta gozo-dendak dira nagusi.
Merkataritza
Tolosan ia bostehun dira tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituzten saltokiak; hortaz, hiria estalperik gabeko merkataritza gune handi baten modukoa da. Hiri inguruetako espazio handietan ez bezala, Tolosako merkataritzak, txikizkako merkataritza tradizionalaren bidez, tratu zuzenaren abantailak ematen dizkio kontsumitzaileari, hirian bertan.
Azokak
Tolosan merkatua larunbatero egoten da. Mendeetan izan da horrela, eta Euskal Herriko tipikoenetakotzat jotzen da.
Hiru lekutan banatuta dago, estalperik gabe, eta hirigune osoa azoka handi bihurtzen du.
Horrez gain, urtean hainbat aldiz, azoka bereziak ere izaten dira, egun jakin batzuetan; esaterako, Tolosa Goxua azoka (martxoan), Almoneda eta Altzari Zaharren Azoka, Lore eta Landare Eguna (Apirilean), Ibilgailu Klasikoen Nazioarteko Erakusketa (maiatzean), Sanjoanetako Azoka (ekainean), Azoka Ekologikoa (ekainean), gaztaren eta abelgorrien lehiaketak (urrian), Babarrunaren Astea (azaroan) eta Gabonetako Azoka (abenduan). Hezkuntzaren alorrean,
haur-hezkuntzako eta batxilergoko hiru ikastetxeez gain, Tolosako Paper Eskola (Euskal Herriko bakarra) eta eskualdeko lanbide-heziketako ikastetxea nabarmentzekoak dira; izan ere, bi eskola horiek eskualdeko industria jardueraren oinarrian dauden enpresetan sartzeko prestatzen dute jendea.
Kirolak
Usabal kirol-eremuan Gipuzkoako kiroldegi handiena dago, eta eremu hori Tolosak etorkizunari begira egiten duen apusturik handiena da.
Hirian, kirol jarduera handia dago; futbolaren, txirrindularitzaren eta pilotaren inguruan, batez ere. Berazubi estadioa 1922an sortu zen, eta atletismorako errauts-pistak zituen Estatuko lehena izan zen.
Mendizaletasuna
Mendian ibiltzeko eta natur bideetan barna paseatzeko ohitura oso errotuta dago Tolosan. Horrez gain, inguru horietan 39 landa-bide daude, balizatuta eta seinalatuta, naturzale guztientzat. Goi-mendizaletasunak eta eskiak (Tolosa izan zen Estatuko lehena kirol horretan jarduten), arrakasta handia dute
Jaiak
Bere zaindariaren jaiak sanjoanak izan arren, Tolosako jai nagusiak inauteriak dira, eta orduan agertzen da gehien herritarren parte-hartzea. Espainian Francoren diktadura garaian debekatu ez zituzten inauteri gutxietakoak izan ziren Tolosakoak. Horregatik errotu da hainbeste jai hori, belaunaldi batetik bestera pasatu baita, mendez mende. Umorea, grazia, musika, satira, ironia, nolabaiteko anarkia...dira “inauteri” paregabe horien ezaugarrietako batzuk. Luxuzko mozorrorik ez da agertzen, baina bai, ordea, jaia ondo pasatzeko aukera dela sentitzen duen herri bateratua.
Gastronomía
GastronomiaTolosako bereizgarrietako bat da. Eskualdeko baserrietan ekoitzi ohi duten babarrun gorria, iluna, ia beltza, bertako plater nagusia da. Ohituraz, odolkiarekin eta piperrekin jaten da. Haragi gorri erretzaileek oso fama ona dute, eta gozogintzak ere arrakasta handia du. Konfiteri museo bat ere badago, era horretako bakarra.
Gastronomiako herri elkarte ugariak ere nabarmendu behar diraTolosa aipatzerakoan. Izan ere, kideentzat topagunea eta bazkariak edo afariak egiteko lekua izateaz gain, gizarte, kultura eta jai jardueren garapenean parte hartzen dute. |
|
|